XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi justifikabide hauek hutsegiten dute ordea euskal mitologian.

Aurretikoa, zeren irudirapen kosmologikotik abiatuz Lurrean eta gizonen alboan bizi diren jainkoek ez baitute gizona ankapetzen, eta beraz, ez diote ezein gizon edo erdi-jainkoari beste gizonak ankapetzeko enkargurik ematen.

Jainko hauek gainera egiarekiko lotura eta elkarriko laguntza proposatzen dituzte elkarbizitzarako arau nagusitzat, eta ez dute gizarte barneko auzietan klase baten alde eta beste baten aurka eskuhartzen.

Bestalde, klaseak eratzeko babes teologikorik ezaren ondoan, indoeuropar justifikabide ondorengoak hutsegiten du baitare, zeren erakutsi dugun legez bertutea ez baita giza klase baten ondare exklusiboa, gizaseme ororen ezaugarria baizik.

Beraz, Teologiak menderakuntzarako agresio eredurik eskeintzen ez duelako, eta gizon orok duintasun eta moraltasun maila haundi berberak heltzen dituztelako, agintearen expresioa euskal mitologian burujabetza da, norbere buruaren jabe izatea.

Euskal tradizioan gizaseme bakoitza etxe bati lotzen zaionez gero, Etxea erakundean gauzatzen da burujabetzaren printzipioa.

Burujabetza politiko eta erlijiosoa Barandiaranek erakusten digunez (16) JMB I,86 orr. (ETXE): Beraz, euskal etxe tradizionala erakunde ekonomiko, sozial eta erlijiosoa da, bertan bizi direnek eta heuen aurretik bizi izan zirenek osatua.

Etxekoak, ohitura multzo baten jabe eta ospakizun erlijioso uztezinak burutzearen arduradun dira.

Guztionek, etxea ukiezinatzat jo ohi izatea, babes eskubideaz gozatzea, salduezina izatea, eta senitarteko norbaiti zatitu gabe pasa behar izatea eragin du.

Lehen funtzioko hesparru ideologikoaren errealitateak, hots, agintea, zuzenbidea eta erlijioa, ez dira ba, euskal gogoan klase baten ondarea, gizaseme ororen eskubidea eta eginkizuna baizik.

Aginte unitatea etxea da, zuzenbidea ohiturak eratzen du gizaseme burujabeei elkarrekiko obligazioak erakutsiz, eta erlijioaren praktika ere burujabetza eta auzokidetasunaren printzipioei loturik garatzen da; alegia, etxe barrutian ospatzen den alderdi bat du hildakoen kultoa batik bat, eta auzo mailan ohiturak arauturik ospatzen den beste bat, hala nola gaixoen laguntza, beiletan azaltzea, limosna ematea auzokideren baten alde meza bat eman dedin, e.a.